Ignacia Perugorría eta Camilo Tamayo Gómez (Huddersfieldeko Unibertsitatea, Erresuma Batua) Erresuma Batuko Gobernuko Department for Science, Innovation and Technology erakundeak finantzatutako dirulaguntzaren onuradun izan dira. Dirulaguntza hori The British Academyk bultzatutako deialdi baten barruan esleitu da, The Royal Society, Academy of Medical Sciences eta Royal Academy of Engineering erakundeen babesarekin. The British Academy humanitateen eta gizarte-zientzien akademia nazionala da, eta ikertzaileak zein ikerketa-proiektuak babestu eta finantzatzen ditu bai Erresuma Batuan bai nazioartean.
Deialdi honen helburua, Erresuma Batuko erakundeek gidatutako nazioarteko lankidetza bultzatzea da (pump priming), Europar Batasuneko eta Estatu Elkartuetako ikertzaileekin osatutako kontsortzioetan, Horizon Europe esparru-programan etorkizunean aurkeztuko diren proposamen lehiakorretarako oinarriak ezartzeko asmoz. Deialdia diziplina guztietara irekita dago, besteak beste, ingeniaritza, natur-zientziak, osasunaren eta medikuntzaren zientziak, humanitateak eta gizarte-zientziak barne.
Ignaciak eta Camilok aurkeztutako proiektuak honako izenburua du: “Bodies, Memories, and Technologies of Justice (BMTJ): Citizen-Led Transmedia and Forensic Strategies for Post-Conflict Reconstruction in Colombia, the US/Mexico Border and the Basque Country.”
