Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzak antolatua da lehiaketa, eta hurbileko produktua zabaltzea eta babestea du helburu.
Josu Ozaitak zuzendutako Esperantza filmak eta Mikel Urretabizkaiaren Eskuak irabazi dituzte, hurrenez hurren, Eusko Label mikrofilm laburren laugarren lehiaketako lehen eta bigarren sariak. Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen dute ekimen hori, HAZIren bidez (Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko enpresa publikoa), eta helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko hurbileko produktua zabaltzea eta babestea zinemaren bitartez, bai eta gure nekazaritza-, abeltzaintza- eta arrantza-munduan jasangarritasunari buruzko guztia sustatzea eta ezagutaraztea ere.


Esperantza filmak lortu du lehen Eusko Label saria, 6.000 eurokoa; lan horrek antropologa bat Getariko bizitzan nola murgiltzen den erakusten digu, arraina jateko munduko lekurik onena zergatik den deskubritzeko. Eskuak lanak, berriz, bigarren saria irabazi du, 4.000 eurokoa, eta esku batzuen bidez Idiazabal gazta bezalako kalitate bikaineko produktuen elaborazio prozesua irudikatzen du.
Raimundo Ruíz Eskudero HAZIko zuzendari nagusia izan da epaimahaiburua. María Alcantara Garlaneko lekale eta kalitate arduradunak eta Andoni Luis Aduriz sukaldariak osatu dute epaimahaia. Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuordeak eta Maialen Beloki Zinemaldiko zuzendariordeak ere parte hartu dute ekitaldian.
Sari-banaketa Donostiako Aquariumean izan da gaur arratsaldean, eta baita lan irabazleen eta finalisten lanen proiekzioa ere. Eusko Label Saria Jatorria: Euskadi sailean kokatzen da, Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzak antolatuta HAZIren bitartez, eta bi jarduera ditu. Batetik, Eusko Label Saria, eta bestetik, Ondarea. Euskal Sukaldaritza Berriak, 50 urte / Ondarea. 50 Years of New Basque Cuisine filmaren proiekzioa Victoria Eugenia Antzokian.

Lehen-Saria
ESPERANTZA
Josu Ozaita (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Antzezleak: Kepa Etxegoien, Aitor Arregi
Zergatik da Getaria munduan arraina jateko tokirik onena? Galdera soil horrek bultzatuta iritsiko da antropologo bat kostaldeko herriraino. Egunero hurbilduko da moilara bertako bizitza jasotzeko, nahiz eta horretarako goizeko 3:30ean jaiki beharko duen. Telefono mugikorra eskuan, aurkitutako sekretu bakoitza filmatuko du, baina denboraren joanean, behatzaile huts izateari utzi eta komunitate berezi horren parte bilakatuko da.
