Marta Barba

Hazi, barietate eta tomateen etnografia feminista Euskal Herrian: Bertakotasuna, transespezie ahaidetasuna eta teknobiopolitika

Marta Barba Gassó

Etnografia hau Antropologia Feministan eta Ingurugiro-Antropologian kokatzen da, eta biek bat egiten duten leku, gai eta teorietan kokatu eta sakondu nahi du. Halaber, elikaduraren antropologian eta ugalketaren eta ahaidetasunaren antropologian ere kokatzen da. Bi tomate barietateren inguruan -bertako barietate bat eta barietate komertzial bat, hain zuzen- egindako tokian tokiko lanetik abiatuta, honako hauek aztertzen ditut: bi barietate horien historia; barietate horiek barietate bilakatzeko bidean jokoan jartzen diren aitortza-prozesuak; barietate horien inguruan dauden identifikazio-prozesuak, batez ere beti eraikiak diren bertakotasunarekin eta euskal nozioarekin zerikusia dutenak; eta barietate horien ugalketa zeharkatzen duten eta bizitzaren aniztasunari eragiten dioten ugalketa-logikak eta harremanak -ahaidetasun-harremanak, hain zuzen-. Edonola ere, etnografia hau kokatzen dut Antropozeno, Kapitalozeno edo Chthuluceno bezalako terminoekin izendatu eta definitzen den testuinguru ekosozial globalean, zeinen ezaugarrietako bat bizitza formen inguruko aniztasunaren galera bera den; eta ikuspegi feminista, teknobiopolitiko eta transespezie batetik hurbiltzen naiz ikergaira, “transespezie ahaidetasuna” bezalako kontzeptuak proposatuz eta landareen ugalketara “ugalketa-koreografia” kontzeptua eramanez. Testuinguru horretan, hain zuzen, tomate horien inguruko historia koloniala eta bizitzaren kolonizazio-historiak kokatzen ditut, eta historia eta istoriootan ikusten dugu nola errotzen eta “bertakotzen” dirennekazaritzako elikagaiak; ikusten dugu nola kudeatzen, kontrolatzen eta kolonizatzen den bizitza; ikusten dugu zer tentsio agertzen diren singularizazioaren eta dibertsifikazioaren artean “tokiko” barietateak erreproduzitu eta kontserbatu nahi direnean; barietateak sortzeko bidean ugalketa-koreografia berriak eta ahaidetasun-terminoetan azter ditzakegun landareen eta pertsonen arteko lotura eta harremanak aurkitzen ditugu; eta, azkenik, ikuspegi bioteknopolitiko eta feminista batetik (bio)dibertsitateari buruz birpentsatzen laguntzen digute

Olatz González Abrisketa 25/03/2021 Sobresaliente Cum Laude Estudios Feministas y de Género Universidad del País Vasco/EHU Pre-doctoral del Gobierno Vasco